ERABILTZAILEEK “OSO ONDO” ALTU BAT IPINI DEUTSEE GARBIGUNEEI
Gizakerrek egindako satisfazino-ikerketa baten arabera, Garbiguneen gaineko asebetetze maila orokorrak 8´2ko nota aparta lortu dau (10etik), eta, erabiltzaileek nabarmentzen dituen gauzen artean, instalazinoen garbitasuna, Garbiguneen kokapena eta baliabideen erabilgarritasuna dagoz.
Eguaztena, 2008ko maiatzaren 7a
Garbiker Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak kudeatutako enpresea da, eta uri hondakinei tratamentu egokia emotea da bere helburua. Garrantzi handia dauka Bizkaiko ingurumen politikan eta Foru Aldundiaren kudeaketan. Hori dala-ta, Garbikerrek bere buruaren gaineko azterketea egin dau, erabiltzaileengan proiektatzen dauen itxurea ezagutzeko.
Satisfazinoaren gaineko datuek kalidade-indizeak errepikatzen ditue aztertutako ia gai guztietan, igazko balorazinoagaz konparauta. Garbigunearen gaineko satisfazino orokorrak 8´2ko nota aparta lortu dau (10etik). Nabarmentzeko modukoak dira instalazinoen garbitasuna, 8´6 (10etik), eta langileen adeitasuna, 8´5ekoa.
Erabiltzaileek Garbiguneen kokapena be nabarmentzen dabe (8’2), bai eta instalazino horreen baliabideen erabilgarritasuna eta edukiontzien kokapena be (8´1eko nota, 10etik).
Kokapenaz eta instalazinoez gainera, emondako zerbitzuaren gaineko noteak be gora egin dau. Aitatzeko modukoa da instalazinoak zabaltzeko ordutegiaren gaineko balorazinoa: oin dala urte batzuk egindako inkestan, 6´3ko notea lortu zan, eta oingoan, barriz, 7´4koa.
Azken baten, inkestatuen arabera, honeek dira aztertutako Garbiguneen sendotasunak: kokapena, eskainitako zerbitzua, langileak eta irisgarritasuna. Ez da topau aparteko eritxi negatiborik Garbiguneen zerbitzuen gainean, eta zerbitzuaren kalidadearen bilakaera be ona da.
Berziklapena
Berziklapenaren gaineko datuak gero eta positiboagoak dira, eta goranzko joera ikusten da etxeko berziklapenaren indizeetan. Oingoan, inkestatuen %87´6k dino euren etxeetan ahalik eta gehiena berziklatzen dala; halanda ze, 6 puntu portzentualeko hazkundea egon da atal horretan.
Datu horreek bat datoz Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak egindako uri hondakinen azken balantzeagaz. Ikerketa horren arabera, sortutako zaborren %70eko aprobetxamentu material eta energetikoa lortu da Bizkaian. 2007ko Uri Hondakinen sorrera, gaikako bilketa eta tratamentuaren gaineko datuek erakusten dabenez, herritarrek ahalegin handia egin dabe hondakinen sorrera gitxitzeko eta zero isurketaren helburura hurreratzeko.
Bizkaiko Lurralde Historikoko Uri Hondakinen Behatoki Iraunkorrean lortutako uri hondakinen sorrera, gaikako bilketa eta tratamentuaren gaineko datuek dinoenez, Bizkaia uri hondakinen kudeaketaren buruan dago.
Bizkaian sortzen dan zaborraren %70 modu materialean edo energetikoan aprobetxetan da. %30 baino ez da eroaten kontrolautako hondakindegietara. Hau da: Europako arauetan jasota dagoan lez, isurketa hondakinen kudeaketaren hierarkiako azken aukera da.
Garbiguneen erabiltzaileen eredua
Garbiguneen erabiltzaileen eredua, oindino be, adin ertaineko gizona da.
Sexuz eta adinez, etxeko berziklapenean be joera maskulinoagoak dagozala emoten dau, eta, barriro be, adin ertainak dira nagusi.
Hondakinen tipologia
Aztertutako Garbiguneetan itxitako hondakinen tipologien gaineko joerak bardin mantendu dira. Hondakin gehienak obra-hondakinak dira (%56), eta gero egurra dator (%16´79). Ostean datoz linea marroia, plastikoak eta beira.
Ikerketa
Ikerketa honen helburua erabiltzaileek Garbiguneen gainean daukien ustea ezagutzea da.
Txosten hau erabiltzaileen satisfazinoaren gaineko ikerketen barruan dago sartuta, eta, honen bitartez, Garbikerreko erabiltzaileek Garbiguneen gainean daukien eretxiaren ikuspegi zabala emon gura da.
Ikerketa hau egiteko erabili dan metodologia mistoa da: alde batetik, fitxak jaso dira in situ, eta, horren ostean, telefono bidezko alkarrizketea egin da. Ikerketa teknika horrek helburu guztiei erantzuteko aukerea emoten dau, balio eta fidagarritasunik handieneko emoitzak lortuta, eta, modu horretan, eraginkortasunez jokatzeko aukera eukita.
Ikerketaren unibersoa aztertutako Garbiguneen (Barakaldo, Zalla, Amorebieta-Etxano, Igorre, Getxo eta Santurtzi) asteburuetako erabiltzaileek osotzen dabe, eta azterlana zezeilaren eta martiaren artean egin da.
Garbiguneak
Garbiguneak etxeko hondakinak eta antzeko beste hondakin batzuk gaika batzeko zentroak dira. Batu ostean, barriro erabilten dira edo berziklatu egiten dira. Garbiguneen zerbitzuak erabilera-indize ikusgarria euki dau; izan be, modu estrategikoan dagoz kokatuta, erabiltzaileak bizi diran lekuetatik hur. Instalazino hurbil eta irisgarriak dira, eta doako zerbitzua eskaintzen deutsie erabiltzaileei.
Bilatzen diran helburuen artean, honeek nabarmendu behar dira:
* Uri hondakinetan dagozan materialak ahalik eta gehien aprobetxetea, eta tratau edo ezabatu behar diran hondakinen kopurua murriztea.
* Hondakinen kontrolau bako isurketea saihestea.
* Herritarrak ingurumenaren babesaren inguruan prestatzea eta kontzientziatzea.
Oin dala urtebete beste Garbigune bat zabaldu zan Igorren, sareko 23.a. Gainera, jentearentzako ordutegia luzatu egin zan, eta egun gehiagotan zabaltzen dira Garbiguneak. Joan dan irailetik hona, lehenengoz, bost Garbigune -Barakaldo, Basauri, Durango, Getxo eta Santurtzi- domeketan be zabaltzen dira.